
Korputs Egunaren inguruan ospatzen ditugu Anoetan herriko festak.
2011n ekainaren 22tik 26ra izan ziren, baina aurreko asteburuan ere hainbat ekintza antolatu genituen motorrak berotzeko: Kuadrilen Eguna, Dantzari Txikia, nekazal eta artisau azoka eta kantaldia (Erramun Martikorena eta Mikel Markez).

Festetako txupinazoa Korputs Egunaren bezperan bota genuen, eta horrela hasi ziren festak, Anoetako sinboloa den Kukuaren jaitsierarekin, eta ume danborradarekin.

Jaietan mota desberdinetako ekintzak antolatzen ditugu adinen arabera. Umeen lasterketan, adibidez, 60 ume inguruk hartu zuten parte aurten, eta giro bikaina jarri zuten herrian larunbat goizean.

Festetako azken egunean herri kirolen txanda izaten da beti. Aurten lau kuadrilen arteko lehia antolatu zen, denak anoetarrak, 400 kiloko harria arrastaka eramaten.
Egia esan, emanaldi polita prestatzen dute Anoetako gazteek urtero festei amaiera emateko, eta oraingo honetan ere ez zuten huts egin, beroa ikaragarria izan arren.